Atebide lehenetsi

Atebide lehenetsia TCP/IP sare batean kokatutako konputagailu batek IP birbidaltze taulan beste aukerarik ez duenean aukeratzen duen atebidea edo konputagailua da.

Bideratzaile bat konputagailu edo dispositibo bat da, zeinak bi sare informatiko elkartzeko balio duen. Beste era batera esanda, bi sareen edo gehiagoren arteko trafikoa zuzentzen duen dispositiboa da. Beraz, konputagailu batek mezu bat bidali behar duenean eta IP birbidaltze taulan zuzenean helburua aurkitzen ez duenean, atebidera bidaliko dio, eta honek jakingo du zeini birbidali behar dion mezua. Beraz, atebideak bi sare horiek lotuko ditu, eta informazioa garraiatuko du horien artean.

Horregatik, atebideak bi IP sare elkar konektatzen dituenez, bi sare txartel eta beraz bi IP helbide ditu. Gutxienez, bi IP horietako batek helbide publiko bat izan behar du, Internetekin komunikatzeko.

Etxeetan normalean zure ISP-ak router bezala ezaguturiko aparailu bat emango zizun, eta hori erabiltzen da normalean ADSL kablearekin batera atebide modura, zure etxeko sarea (LAN), eta internet (WAN) elkar konektatzeko.

Enpresetan askotan konputagailu bat izaten da sare lokalaren eta interneten artean trafikoa bideratzen duena, eta askotan ere proxy zerbitzari modura eta baita suebaki modura ere jokatzen du konputagailu honek.

Honela, laburbilduz, atebide batek sare baterako sarrera eta irteera puntuak eskaintzen ditu.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy